euskadi.eus

Kartografia historikoa geoEuskadi atarian

Argitalpen-data: 

 

geoEuskadi atariko bisorean, kartografia historikoa kontsultatu ahal da. Gaur egun, EAEko hiru hiriburuetako XIX. mendearen amaierako 3 mapa daude. Kontsultatu ahal diren lehen mapak honako hauek dira:

Vitoria–Gasteiz  (1888)
Vitoria-Gasteiz eta haren inguruetako planoa 1888koa da eta Topografoen Taldeko ofiziala zen Dionisio Casañal y Zapatero jaunak egin zuen. Izan ere, Habsburgoko María Cristinaren erregentzian zehar (1885-1902), 1880. eta 1910. urteen artean, hirien plano batzuk egin ziren eta Vitoria-Gasteizkoa multzo horretako bat da. Jatorrizko agiria Geografiako Institutu Nazionalean dago.

Geografiako Institutu Nazionalak (GIN) honela deskribatzen du planoa: “Goialdeko eskuineko angeluan, hiriko erakin publikoak jasotzen dituen zerrenda bat dago; behealdeko ezkerreko angeluan, landa operazioetan erabilitako tresnak eta marradura finez egindako etxe-uharteen blokeen planimetriaren berri ematen da. Bertan, kaleak, plazak, komunikazio-sarea, zubiak, zuhaitz-masak eta kanpandorreko edo udalerriko lurrraldearen banaketa jasotzen dira. Hidrografiak sare nagusia irudikatzen du, ibairik garrantzitsuen denominazioak jasota.”

Atribuzioa: Funts kartografikoak © Geografiako Institutu Nazionala - ign.es

Bilbao (1889)
Bilbao hiriko planoa Armadako Estatu Nagusiko Taldeko ofizialen batzorde batek egin zuen 1889. urtean. Planoa 1810eko ekainaren 9ko Dekretuak sortutako Gerrako Gordailuarena da; horren bidez, Estatu Nagusiko buruek Estatu Nagusi Orokorrera Habsburgoko María Cristinaren erregentzian zehar (1885-1902) bidalitako dokumentu historiko, geografikoak eta topografikoak batzen dira. Bestalde, Geografiako Institutu Nazionaleko artxiboaren parte da.

Geografiako Institutu Nazionalak (GIN) honela deskribatzen du planoa: “Behealdeko ezkerreko angeluan, planoaren izenburua, egilea, edizioa eta edizio-data agertzen dira. Marradura finez egindako etxe-uharteen blokeen planimetriaren berri ematen da. Gainera, kaleak, plazak, eraikin isolatuak, meategiak, komunikazio-sarea, zubiak eta inizialak agertzen dira, lurzoruaren erabilera zehaztuta. Hidrografiak Nerbioi ibaia irudikatzen du, ur-marrazkiak barne.”

Atribuzioa: Funts kartografikoak © Geografiako Institutu Nazionala - ign.es

Donostia (1884)
“Kontxako eta Donostiako portuko planoa” izenburua duen planoa José de Lorenzo, E. Fungairiño eta S. Bregante y Martínez jaunek egin zuten 1884. urtean Hidrografia Zuzendaritzarentzat eta horren jatorrizko agiria Espainiako Biblioteka Nazionalean dago.

Espainiako Biblioteka Nazionalak (GIN) honela deskribatzen du planoa: “Itzaldura bidezko erliebea, normalak eta zunda bidezko batimetriak.  Gainera, Norabideak, itsasbideak, laboreak eta zuhaitzak irudikatuta daude. Itsasargia kolorez dago nabarmenduta.”

Atribuzioa: Lana Espainiako Biblioteka Nazionaleko Funtsetakoa da.


Creative Commons License Atari honen edukien lizentzia hau da: Creative Commons Aintzatespena 3.0 (aurkakoa esaten ez den bitartean)

Ongi ikusteko moduko lekuan, honako iturri hau aipatu beharra dago: Eusko Jaurlaritza / Gobierno Vasco. geoEuskadi

Joan orri hasierara

Euskadi, auzolana