euskadi.eus

Teledetekzioko irudien web-zerbitzuak

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Informazioko Zerbitzuak martxan jarri ditu sateliteko irudien hainbat web-zerbitzu (besteak beste, WMS eta WCS); Europako Batzordearen Sentinel sateliteko konstelazioek sortutako irudietan oinarritzen dira. Horiek Lurra behatzeko den Copernicus programaren baitakoak dira (lehen, GMES izena zuen), baita USGSko (AEBetako Zerbitzu Geologikoa) Landsat seriearen baitakoak ere. Satelite horiek espektro elektromagnetikoaren uhin-luzera ezberdinetan informazioa biltzeko gai diren sentsoreak dituzte. Espektro horiek mota askotarikoak izan daitezke, hala nola espektro ikusgaiak, ur-lurruna, infragorri hurbila edo termikoa.

Landsat sateliteek 30 m-ko pixel tamainadun irudien artxibo historiko zabala dute 80ko hamarkadatik.  Sentinel sateliteen irudi erabilgarriek denboraren bereizmen handiagoa (3-4 egun) eskaintzen dute; Landsat sateliteek, ordea, 2-3 astekoa. Gainera, lehenengoek 10 m-ko pixel tamaina dute, nahiz eta denboraren serie txikiagoa duten.

Horrelako irudiek, besteak beste, honako gai hauei buruzko erabilerak dituzte: nekazaritza, basogintza, ingurumenaren babesa, klima-aldaketa, hiri eta eskualdeetako plangintza, babes zibila edo garraioa.

Web-zerbitzu erabilgarriak honako bi url hauetan daude: http://geo.hazi.eus/TELEDETEKZIOA/wms eta http://geo.hazi.eus/TELEDETEKZIOA/wcs

Web-zerbitzu horiek honako honetarako erabil daitezke:

  • Baso-estalduraren motak, dentsitatea eta egoera identifikatzea;
  • Laborantzen sailkapena, kudeaketa eta egoeraren jarraipena;
  • Lurzoruaren erabileren aldaketak detektatzea eta horien sailkapena;
  • Kartografia, eta abar.

Sateliteetako bi plataformek sortzen dituzten datuak prozesatzen dira; horrela, hainbat konposizio zabaltzen dira eta  GIS bezeroen bidez (ArcGIS, QGIS, GVSIG, etab.) edo web-bisore ezberdinen bidez kontsultatu ahal dira.

Gaur egun, http://geo.hazi.eus/TELEDETEKZIOA/wms  webgunean kontsultatu ahal diren irudiak honako hauek dira:

  • RGB konposizioa. Espektro ikusgaiak dira, kolore naturaleko ortoargazki baten antzekoak.
  • IrRG konposizioa.  Infragorriaren uhin-luzeren araberako konposizioa erakusten duten irudiak dira. Horietan, indar handiagoa duten landereek kolore gorri biziagoa dute.
  • Bestelako konposizioak. Honako banda hauen arteko konbinazioak: 8A-11-2, 8A-11-4, 12-11-8, 12-11-4, 12-8A-4 eta 11-8-2.
  • L2A zuzenketa duten bandetan oinarrituta, NDVI, NDWI, EVI ,MNDW ,MSAVI2, SAVI ,LAI eta NBR indizeak sortzen dira.
  • Egoera horietan hodeiak ezabatzen ez direnez, geruza bat zabaltzen da. Horrek bere gaineko hodeiak erakusten ditu.

WMS zerbitzuaren bidez, lurraldearen analisi bisuala egiten da; WCS zerbitzuaren bidez, aldiz, datuak aztertu ahal dira, raster datu gordinak jasota. Zerbitzu hori hemen dago: http://geo.hazi.eus/TELEDETEKZIOA/wcs

Gainera, geoEuskadi atariko bisoreak irudi sorta bat erakusten du, “sateliteko irudiak” atalean.

Hemendik gutxira, web-tresna batzuk jarriko dira martxan, informazio horren ustiapena edonori hurbiltzeko asmoz.

 Informazio gehiago:

https://sentinel.esa.int/web/sentinel/home

https://landsat.usgs.gov/


Creative Commons License Atari honen edukien lizentzia hau da: Creative Commons Aintzatespena 3.0 (aurkakoa esaten ez den bitartean)

Ongi ikusteko moduko lekuan, honako iturri hau aipatu beharra dago: Eusko Jaurlaritza / Gobierno Vasco. geoEuskadi

Joan orri hasierara

Euskadi, auzolana