Zer da geoEuskadi
geoEuskadi Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren (Euskadiko DEA) erreferentziazko geoataria da, eta bere helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko informazio geografikoa erraz eta modu eraginkorrean eskuratu eta berrerabiliko dela bermatzea.
geoEuskadi Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren (Euskadiko DEA) erreferentziazko geoataria da, eta bere helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko informazio geografikoa erraz eta modu eraginkorrean eskuratu eta berrerabiliko dela bermatzea.
Honako hauek dira GeoEuskadiren helburuak, Euskadiko DEAren osagai den aldetik:
- Eransten doazen eta Internet bidez eskura daitezkeen Euskadiko DEAko datu eta zerbitzu geografikoen multzoak aurkitzeko aukera ematea.
- Geozerbitzuen eta informazio geografikoaren berrerabilera eta zabalkundea sustatzea.
- Ahal den neurrian, duen funtzionalitatea eskaintzea, informazio geografikoaren elkarreragingarritasuna arautu eta bermatzen duten arau, estandar eta zehaztapenak betetzen dituzten geozerbitzuak oinarri hartuta.
- Interes orokorreko funtzionalitatea ematea (informazioa, datuen katalogoa, izendegia, datuak behera kargatzeko aukera, etab.), Euskadiko DEAko zerbitzuetan oinarrituta.
- Euskadiko DEAri buruzko berritasun eta albisteen berri ematea, eta datu-multzo edo geozerbitzu berriak Interneten erabilgarri daudenean jakinaraztea.
Nori dago zuzenduta
Geoataria bai erabiltzaile espezializatuei bai Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan mapak edo informazio geografikoa kontsultatu behar dituen edozein pertsonari zein erakunde publiko nahiz pribaturi zuzenduta dago.
Horren edukia zabalduz joango da Interneten datu-multzo eta zerbitzu espazial gehiago eskuragarri dauden heinean.
Azken urte hauetan, hainbat instantzia berariaz arautzen dabiltza informazio eta zerbitzu geografikoak egin eta zabaltzeko modua. Arau orokor batzuek aipamen zehatzak egiten dituzte informazio geografikoari buruz, besteak beste Europako INSPIRE 2007/2/EE Zuzentarauak, Espainiako informazio geografikorako azpiegiturei eta zerbitzuei buruzko 14/2010 Legeak, Elkarreragingarritasunerako Eskema Nazionala arautzen duen 4/2010 Errege Dekretuak eta Kartografia Sistema Nazionala arautzen duen 1545/2007 Errege Dekretuak, azken horren barruan Euskal Autonomia Erkidegoa ere badagoela, 2010eko martxoaren 31n Espainiako Institutu Geografiko Nazionalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren arabera.
Gauzak horrela, administrazioetan Datu Espazialen Azpiegiturak (DEA) abiaraztea bultzatzen dabiltza, informazio geografikoa erraz eta modu eraginkorrean eskuratu eta berrerabiliko dela bermatzeko, eta elkarreragingarritasuneko geozerbitzuak zenbait arau, estandar eta zehaztapen oinarri hartuta erabiliko direla bermatzeko.
2011ko irailaren 13an Euskadiko Datu Espazialen Azpiegitura (Euskadiko DEA) abian jartzeko Gobernuaren Erabakia onetsi zen, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza buru zuen sail arteko proiektua izateko.
Honako hauek dira Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren (DEA) helburu orokorrak:
- Informazio geografikoaren berrerabilera sustatu eta bermatzea.
- Informazio geografikoaren ekoizpen banatua koordinatzea datu geografiko bateratuak eta kalitatezkoak izateko; egungo eta etorkizuneko beharrak aztertu beharko dira horretarako.
- Kartografiaren eta informazio geografikoaren alorreko jarraibideak eta estandarrak betetzea.
- Kalitate oneko zerbitzu geografikoen zabalkunde eta ustiapen eraginkorra egiteko aukera emango duten beharrezko osagai teknologikoak ematea Eusko Jaurlaritzari, elkarreragingarritasunaren eta independentzia teknologikoaren printzipioetan oinarrituta.
- Informazio Geografikoko Azpiegitura Nazionalean integratzea, eskualde-lotura gisa, baita gainerako toki-loturekin integratzea ere.
- Informazio geografikoa eta Euskadiko DEAko zerbitzuak garatu, erabili eta ustiatzea sustatzeko erabilgarri dauden informazio, teknologia, zehaztapen eta zerbitzuak sustatu eta zabaltzea, eta horiei buruzko prestakuntza ematea.
Teknologia oso garrantzitsua da helburu horiek lortzeko, baina erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa da informazioa partekatu, zabaldu eta berrerabiltzeko, baita informazio geografikoa sortu eta elkartzean koordinatuta lan egitea ere. Datu Espazialen Azpiegitura diziplina anitzeko eta elkarlaneko proiektua da, eta bertan ezinbesteko osagaiak dira kalitate oneko datu elkartuak, tresna informatikoak eta teknologia, prestakuntza eta kanporako zabalkundea.
Informazio geografikoaren eta/edo lurralde-informazioaren hedapena azken urteotan aukera bat izatetik premia bat, are gehiago, betebehar bat izatera igaro da administrazioentzat. Informazio publikoak jakintzaren gizartea aberastu egiten du, inolako zalantza-izpirik gabe, eta informazio geografikoa ez da salbuespena. Teknologia- eta arau-bilakaera alderdi horietan oso azkarra izaten ari da, eta geoEuskadik informazio geografikoaren alorrean azken joera eta errealitateei dagokienez eguneratuta egoteko aukera ematen dizu, batez ere Euskadiko Datu Espazialen Azpiegiturak (Euskadiko DEA) eskaintzen dituen zerbitzuen bilakaera eta abiarazteari dagokienez .
Erakunde publikoa bazara, geoEuskadi tresna paregabea duzu informazioa konpartitzeko eta izan daitezkeen barneko nahiz kanpoko erabiltzaileen artean hedatzeko, baliabideak optimizatzen, kudeaketa eraginkorragoa eta errentagarriagoa egiten eta, beraz, herritarrari zerbitzu hobea eskaintzen lagunduz.
Erabiltzaile profesionala edo partikularra bazara, geoEuskadik aukera ematen dizu Euskadiko DEAko datu publikoak eta zerbitzu espazialak aurkitu eta eskuratzeko, eta datuok nahi beste berrerabiltzeko zure proiektuak azkarrago eta eraginkorrago garatzeko.